2010/07/29
Momentico Sanferminero Lesakan
Hau aportazioa! (perkusioa batez ere)
Arbasoak liburua PDF formatuan
Estitxu berriz ere Nafarroako bertsolari txapelketan

Igor bikain San Juango entrenatzaile eta arraunlari bezala
Baztan-Bidasoaldeko XXIII. bertso-paper lehiaketan lehen saria Aitorrek

Iratiko Mendi-Mutilaren oroitzapenak
Doinua: Munduaren ilunabarra
1
Han genuen Amerika
bertze aldetik zirika;
Kontrabandoan irrika
zapelokerrak segika.
Hura urruna eta hau berriz
arriskutsu iritzita,
kontratistakin jarri genuen
herriko gazteek zita:
“Auñamendian zuhaitzak moztu,
gero zerra eta pika,
urtebetean, dirua egin
bero beroa patrika,
hemen ez denez Frantzialdean
hantxe duzue fabrika!”
2
Zinkuenta y uno dabila
udaberriaren bila
kantuz hasi da okila
laister dator apirila;
Maleta bete eta itxi dut
baserriko maratila
autobusean Orbaitzetara
gazte langile koadrila,
arduraduna gu konbentzitzen
izan genuen abila:
“Indar betean lanikan gabe
Gazte hemen zer habila!
Han behar dugu hire moduko
sasoiko mendi mutila!”.
3
Hemen dugu Orbaitzeta
Mendi artean gordeta
Bizkar gainean maleta
Ametsez ongi beteta;
elur artean, aitzur ta palaz
bidexkaren baten xerka
zubirik ez da, pinua botaz
gainditu dugu erreka
muga aldean guardiazibilek
galdegin dute karneta
egia erranda ez dute jarri
horretan bere arreta
nagusi jaunak azpiko diruz
hornituak ditu-eta.
4
Inguru dena arbola
eta haize zirimola
Iltzatuz hiru ohola
Osatu dugu etxola;
Aldi bateko hauxe da gure
kabia edo kaiola.
umela eta hezetasuna
lau aldetik dariola
ardo eta saldaz saiatu arren
ez da berotzen odola
gorputz barneko hozkirriari
buelta ezin eman inola
lehendik ere zailduak gaude,
ez zaigu aunitz axola.
5
Enkargatuak: “Arriba!”,
oihuka fuerte ari da
ilargiaren dizdira
goizaldeko lauak dira;
Ogi koxkorraz, gosaldu eta
bertzerikan gabe tira!
gazta muttur bat bere ondoan
izanen balu sikira!
Lan tresnak hartu eta bagoaz
ilunpe hortan mendira
irudipena: zain ditudala
arbolak neri begira
baina etxean utzia daukat
haienganako gupida.
6
Indarrez bortizki jota
zuhaitza lurrera bota
idiari lotu soka
eraman karrakiloka;
Mendian hori izaten dugu
eguneroko borroka
zerra, aizkora eta arpana
enborrarekin mokoka
amiltzen hasten denean berriz
ihes eginez saltoka
hainen lanbide gogorra nola
bekaizkeriz ez gorrota
baina gaitzerdi sakela behinpin
bete betea dago-ta.
7
Otordurako rantxua
Nahi adina garbantzua
Ondotik ardi antzua
Gixadoan, saldatzua;
Egunez egun izaten dugu
beti jaki berdintsua
nola ez dugu izanen bada
ia astero enpatxua
Horrelakotan sagarra ere
izaten da kapritxua,
halere ez dut inoiz somatzen
gosearen mehatsua
tripa asea, baina gogoan
amaren jaki goxua.
8
Hor Mendibe, Irati han
pinudian, hariztian
aipatu dut arestian
soldataren aitzakian;
baina atzendu ez dut eginen
nere bizitza guztian
bazkalondoan gertatu zena
abuztuaren zazpian
pinua eroriz nola joan zen
aizkoran azken kolpian
Begibeltzeko Juanito motza
harrapatuta azpian,
hil ondorengo mendekuaren
hondarreko autsikian.
9
Nere animo apala
indargabetuz doala
Jaungoikoaren magala
berak ezagut dezala;
Mendi mutilen lerro luzeak
zerraldoa daramala
negar malko bat eskapatzea
ez al da gauza normala?
Baina ezpainak gogor estutuz
eusteko eginahala
Otoitz artean, galdera hauxe
burura etorri zaidala:
Aski ote da lan honen truke
jasotzen dugun jornala?
10
Lurpean utziz laguna
berriz ere lan jarduna
egunerokotasuna
egiten zaigu astuna;
Ilun denean lanean hasi
lana uztean iluna
Udazkenean laburtuz doa
gutti guttika eguna
atzo joan zen, gaur da jadanik
abudo biharamuna
Urte erdiko neke bortitza
Gainean daramaguna
eta itzulera oraindik ere
ikusten da hain urruna!
11
Egutegiko orriak
Abendura ekarriak
Hor dira Eguberriak
itzultzeko egarriak;
berriro bueltan ekarri gaitu,
onartu gaitu herriak
xoxa freskoaz hornitu dugu
jan-edariz eztarriak
denak oihuka, denak kantuan
bozkariozko irriak
baina ez ahazteko Pirinioko
gertaera mingarriak
Juanito motzan andreak ditu
begiak gorri-gorriak.
12
Neguko zeru gorrixta,
trumoia eta tximista,
haize ufaden errista
elurrez zuri mendixka;
Etxe txokoko supazterretik
irriz egin diet hista,
baina munduan nork ez du inoiz
lasaitasuna arriska
jakinda ere, suertatzen dela
ezpondatikan irrista
bizitza hobe baten gogoak
utzi ezinik erdizka
udaberria hurbil dugunez
berriz Iratira bista.